EH Bildu nagusitu da Azkoitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Iraia Oteiza 2024ko api. 21a, 22:05

Eusko Legebiltzarrerako bozak izan dira gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta dagoeneko ezagutarazi dituzte herriz herriko datuak. Azkoitian EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, botoen %45,49 eskuratuta. Bigarren indarra, berriz, EAJ izan da, bozen %39,83 lortuta.

8.484 azkoitiar zeuden botoa ematera deituta, eta guztira, %63,10ekoa izan da herriko parte hartze datua. EH Bildu izan da herrian alderdirik bozkatuena, 2.418 boto jaso baititu, botoen %45,49. Bigarren bozkatuena EAJ izan da, aurrena baino 301 boz gutxiagorekin, 2.117 boto eskuratu baititu, botoen %39,83. Hirugarren indarra, berriz, PSE-EE izan da 408 boto eskuratuta; aldiz, laugarren bozkatuena PP izan da, 132 botorekin. 86 boto Podemos Ahal Dugu-Alianza Verderentzat izan dira, Sumarrek 64 boto lortu ditu, eta Voxek 45 aldeko boto. 19 herritarrek egin dute Pacma alderdiaren alde, Aulki Zuriakek 11 boto eskuratu ditu, Izanek 10, eta Pum+J alderdiak 5 boto jaso ditu.

Duela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuta, EH Bilduk 413 boto gehiago lortu ditu oraingoan. Aldiz, EAJk 22 boto galdu ditu. Kontuan hartu behar da 2020ko hauteskundeetan EAJk jaso zituela boto gehien Azkoitian. Gainerakoan, PSE-EEk 40 boto gehiago jaso ditu aurten, PPk 44 gehiago –duela lau urte Ciudadanosekin batera aurkeztu zen eta 88 boto eskuratu zituen orduan–, Voxek eta Pacmak seina boto irabazi dituzte, Aulki Zuriakek 2, eta Pum+J taldeak 4. 

       

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide