Anaitasunak doako autobusa antolatu du Hirugarren Mailako taldearen azken partidara joateko

Arabaolaza, Soraluze eta Aramendi, Txerloian. (Anaitasuna)

Larunbatean, Basauriko (Bizkaia) Basconia taldearen aurka jokatuko du Anaitasunaren Hirugarren Mailako taldeak. Denboraldiko azken partida jokatuko dute Txema Añibarroren mutilek, mailari eutsi ahal izateko hil ala bizikoa.

Anaitasunaren Hirugarren Mailako taldeak mailari eutsi ahal izateko norgehiagoka jokatuko du etzi, larunbata. 18:00etan lehiatuko du Txema Añibarrok zuzentzen duen taldeak sasoiko azken neurketa, Basauriko (Bizkaia) Basconia taldearen aurka. Gaur-gaurkoz, jaitsiera postuetan daude gorritxoak, baina azken epaia larunbateko 20:00etarako erabakiko da.

"Zuen bultzada behar dugu larunbatean" adieraziz, Anaitasuna futbol taldeak dei egin die zaleei, eta zapaturako doako autobusak jarri ditu Azkoititik Basaurira joateko. Bidaia autobusez egin nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez Plazaberrin dagoen Tta-kun tabernan, ostiraleko 14:00ak baino lehen.

Dena den, izen-emateari lotuta ohar batzuk ere eman ditu klubak. Batetik, 16 urtez azpikoek heldu batek lagunduta joan beharko dute nahitaez, eta bestetik, gutxieneko bidaiari kopuru batek eman beharko du izena autobusa antolatu dadin. Balizko kasuan, autobusa 16:30ean abiatuko litzateke Azkoititik Basauriko Artunduaga zelaira, eta neurketa amaitu bezain pronto itzuliko litzateke Basauritik Azkoitira.

Dena airean

Anaitasuna jaitsiera postuetan dago gaur-gaurkoz 32 punturekin, Pasaiak baino puntu bat gutxiagorekin (33). Gorritxoek mailari eutsi nahi badiete, aurrena beraien etxeko lanak egin beharko dituzte, eta gero Pasaiaren emaitza ezagutu. Larunbatean, gorritxoei berdinketak edo garaipenak bakarrik balio die mailari eusteko, baina, puntu bat edo hiru batuta ere, Pasaiaren emaitzaren zain egon beharko du Anaitasunak.

Gorritxoek Basaurin berdinduko balute, Pasaiak galtzea beharko luke Anaitasunak, eta Anaitasunak irabaziko balu, Pasaiak berdintzea. Aldiz, Basconiak Anaitasunari irabaziko balio, gorritxoek maila galdu, eta Gipuzkoako Erregionalen Ohorezko Mailako talde izatera igaroko lirateke.