Bizitza ez da aski. Jaiotzaren eta heriotzaren inguruko txikikerietako tolesdurak bazter utzita, lana eta lanik eza, etxekoak eta lagunak, ezezagunak eta elkartasunak, ametsak eta porrotak, maitasunak eta gorrotoak, bizipozak eta tristurak, gaixotasunak eta zaintzak, ezagutzak eta gutxieneko jarrera kontsekuente baten harian ibiltzen ikastea nahikoa ez, eta bestelako pizgarriak behar dituen ginkana bat behar du gure bizitzak dibertigarria izango bada.

 

Eta bizitza eta honen errepresentazioa aspergarri mortalak zaizkigulako asmatu genituen jolasak. Nola zen hura? Munduaren ipurtzuloan dagoen faro hartaraino joan, eta garai batean Gaztelako koroako bandera bezala, orain ikurrina ezarri bertan. Jolasean, baina ezagunak zaizkigun arauekin. Olgeta baita, ez suizidioa. Eta beti jolas berean aritzea bizitza bezain aspergarria delako asmatu dugu oraingoa: utzi Patagoniako basamortuak eta goazen urrun, ahal denik eta urrunen, eta itxuraz gure antzik ez duen norbaitengana. Exotikoa, hori da, izan dadila exotikoa (dibertigarria bezain inportantea). Biluztu ditzagun jantzita badaude, izan daitezela xelebre, barregarri, gure imaginarioan betidanik izan ditugun bezala, eta mesedez, ezkutatu ondo filmazio eremua gordetzen duten zaindariak.

Jarraitu irakurtzen Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.