Bihar arte, Juan!

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Aspaldiko istorio batek dioenez, Johnek Norvegiako enpresa handi batean egiten zuen lan, haragia paketatzen zuen lantoki batean. Okela ustel ez zedin, hozkailu handi bat zuten, eta maiz sartu behar izaten zuen bertan. 

Egun batean, barnean zegoela, norbaitek atea itxi zuen, Johnen presentziaz ohartu gabe. Lasterka joan eta ate-joka hasi zen, garraisika, bai baitzekien lanaldia bukatu eta bakoitza bere etxera joan zedinean bizirik irteteko aukerarik gabe geratuko zela. Ahal izan zuen zaratarik gehien ateratzen aritu zen ordua iritsi bitartean, ate lodi hura ukabilez eta ostikoz jo eta jo, baina inork ez zuen beharginaren harrabotsik aditu. Lanaldia bukatu zenean, denek etxera jo zuten. Denek, Johnek izan ezik.

Ez zegoen irtenbiderik. Zeropeko tenperatura, arropaz oso arin...heriotzara kondenaturik zegoen. Lau orduren buruan, hipotermiak jota eta etsia hartuta zegoela, norbaitek atea ireki zuela iruditu zitzaion. Burua altxatu eta begiak ireki zituenean, enpresaren segurtasun arduraduna beregana zetorrela konturatu zen. Hark zutiarazi eta besarkatu zuen, hark eraman ospitalera, hark libratu heriotzatik.

Sekula sartzen ez zen hozkailu hartan zergatik sartu zen galdetu zioten salbatzaileari biharamunean, eta hark hauxe erantzun: “ia 25 urte daramatzat enpresa honetan lan egiten. Ehunka langile sartzen dira lantokian, baina Johnek beste inork ez daki nire izenik, bera da goizean diosala egin eta arratsaldean bihar arte esaten didan bakarra, gainerako guztientzat ikusezina naiz. Gaur goizean, egunero bezala, egun on esan eta izenez agurtu nau Johnek. Arratsaldean inork ez dit bihar arterik esan, ordea. Etxera joan ondoren kezka hori nerabilen buruan, banekien Johni zerbait gertatu izango zitzaiola. Horregatik erabaki dut berriz ere kaleko arropa jantzi eta behako bat ematea. Bizirik aurkitu dut, Jaungoikoari esker.”

Gurean ere ehunka lagunek egiten dute lan. Gurean ere badira autoarekin sar gaitezen hesia altxatzen diguten segurtasun arduradunak, bazterrak txukun atxikitzeko isil-isilik lanean aritzen diren garbitzaileak. Gehienentzat ikusezinak, hain segur. Ba-tzuetan neure baitan pentsatu izan dut, gainera, zergatik ote den hain hotza eta motza haien diosala. Agian izenez egun on esatea aski litzateke irririk goxoena eskain diezaguten.

Xabier Euzkitzek atzo, apirilak 19, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da.