Errekintoa ezpainetan, poza bihotzean

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 2a, 09:51

Teodoro Ruiz. (Arnaitz Rubio Aprea)

Teodoro Ruizek 56 urte daramatza Azkoitiko Musika Bandan errekintoa jotzen, eta Azkoitikoan ez ezik, Zumarragakoan ere jotzen du, duela 50 urtetik. Duela aste batzuk omenaldi hunkigarria egin zioten Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Omenaldi hori aitzakia hartuta jo du Maxixatzenek beregana, apirileko aldizkariko erreportaje honetarako.

Teodoro Ruiz Nafarroako Kaseda herrian jaio zen 1947an, duela 76 urte. Aitaren lan kontuak zirela medio, umea zela etorri zen Azkoitira bizitzera gurasoekin eta anai- arrebekin. 8 urte besterik ez zituen orduan, eta harrezkero, Azkoitian egin du bizitza guztia, nahiz eta nafar izatea ez duen galdu; nongoa den galdetuta, "nafarra" erantzuten du azkar. Herrian, baina, lekua ederki egina du Ruizek, bere izaera ireki eta lagunkoiagatik batetik, eta Musika Bandako kide beteranoenetakoa delako bestetik, beteranoena ez bada. Ez daramatza alferrik 56 urte Musika Bandan errekintoa jotzen.

9 urte zituela Txanbolinek eman zion instrumentu hura bera jotzen du oraindik ere

Musika tresna berezia da errekintoa, itxuraz klarinetearen oso antzekoa, baina soinuz bestelakoa. Mi bemolean afinatutako klarinetea da, klarinetearen familiako erregistrorik altuena duen instrumentua, hain zuzen. Azkoitiko Musika Bandan Ruizek bakarrik jotzen du errekintoa, eta Azkoititik kanpora ere oso gutxik jotzen dute. "Bizitza guztia musikari lotuta daramat, herri askotako bandetan jo izan dut eta baita beste toki askotan ere, baina errekintoa jotzen duten beste lagun bat edo bi besterik ez nituen ezagutuko", adierazi du.

Azkoitira bizitzera iritsi berritan hasi zen Ruiz errekintoa jotzen, parte handi batean Juan Elorza Txanbolin Musika Bandako orduko zuzendariak bultzatuta. "Esan liteke musikaren munduan lehen urratsak Azkoitiko Afora fabrikan egin nituela. Aita han ari zen lanean, fabrika eraikitzeko lanetan hain zuzen, eta Txanbolin berarekin zebilen. Behin jostailuzko tronpeta txiki batekin ikusi ninduen Txanbolinek, eta horrek atentzioa emanda edo, musika gustatzen al zitzaidan galdetu zidan. Nik baietz erantzun nion, eta berak errekintoa oparitu zidan. 9 urte nituen orduan, eta gaur egun, oraindik ere, Txanbolinek emandako instrumentu harekin berarekin jarraitzen dut jotzen".

Teodoro Ruiz errekintoa jotzen, 1987an Zumarragan egin zuten ekitaldi batean. (Utzitakoa)

Bere kasa ikasi zuen errekintoa jotzen, jardunaren jardunez, "aparteko sekreturik ez baitu". Hori bai, nabarmendu du musika tresna "gogorra" dela: "Itxuraz klarinetea dirudi, baina motzagoa da eta klarineteari soinua ateratzea baino zailagoa da errekintoari ateratzea; askoz sendoago putz egin behar da". Ruizen ustetan hori izan daiteke horren jende gutxik jotzeko arrazoietako bat: "Musika tresna dotorea da klarinetea, jotzeko erosoa, eta aski instrumentu ezaguna denez, ume eta gazte askoz aukeratzen dute, errekintorik existitu ere egiten denik jakin gabe".

Horren musika tresna berezia izateak eta horren jende gutxik jotzeak ate asko zabaldu dizkio Ruizi, eta Azkoitiko Musika Bandan ez ezik, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako bandetan ere jo izan du, baita Donostiako Urrezko Danborraren emate ekitaldian zein Tolosako inauterietan ere; azken horietan askotan gainera, Veleta elkarteko txarangarekin.

2018an Azkoitian egin zioten omenaldiko irudia, errekintoa eskuetan duela. (Maxixatzen)

Bi mende erdi

Hain zuzen ere, duela aste batzuk omenaldi beroa egin zioten Zumarragan, hango Musika Bandan 50 urte betetzeagatik. Musikari premia zutelako hasi zen Zumarragako bandan parte hartzen, beste azkoitiar batzuekin batera. Eta han ez ezik, baita Urretxukoan ere, bietan urte berean. Berehala egokitu zen batera zein bestera. "Musika jotzen uzten didaten tokian, berehala egokitzen naiz. Zumarragan oso lagun onak egin nituen: Martin Begiristain, Canduela, Benito… Haiekin oso gustura ibili nintzen urte askoan, eta egungo gazteekin ere halaxe nabil, ederki moldatzen naiz".

Zumarragako bandako kide izan den mende erdi honetan auskalo zenbat joan etorri egin izango dituen Aizpurutxon barrena. "Astean bat gutxienez, entseatzera joateko, eta bi askotan, asteburuetan emanaldia izanez gero". Duela urte dezente istripua eta guzti izan zuela kontatu du. "Autoak irrist egin eta mendiaren kontra jo nuen. Autoak salbatu ninduen, sendoa zelako, baina autorik gabe gelditu nintzen. Nire Volvo maitea, pena ederra hartu nuen". Hala ere, ez zion astero-astero Zumarragara joateari utzi. "Nola utziko nion bada? Musikak ematen didana hori baino askoz indartsuagoa da", aitortu du. "Ez dut ia inoiz kale egin, oso gaixo egon naizenean edo oso eguraldi txarra egin duenean bakarrik". Duela urte batzuk bihotzeko ebakuntza egin zioten, eta orduan ere aurki zen entseguetara bueltan. "Putz egitea errehabilitaziorako ona zenez, ahal bezain laster jotzen hasi nintzen".

Klarinetearen familiako instrumentua da errekintoa, baina jotzen zailagoa

Horren guztiaren ordainetan otsailaren 18an Zumarragako Zelai Arizti aretoan egin zioten omenaldia ez du berehalakoan ahaztuko Ruizek. Nafarrari, esker onez izenburupean, bandak kontzertua eman zuen Ruizek gogokoen dituen piezak jota. Ez ziren falta izan El chupinazo, El caserio, Ordizia, Amparito Roca, Katiuska, Honrando a Navarra, Aires vascos eta Adios muchachos piezak. Oraindik ere hunkitu egiten da egun hartaz hitz egiterakoan. Oso harro dago Zumarragako bandan hainbeste urtean jo izanaz, eta eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan taldekide izan dituen guztiei. "Oso maitatua sentitu naiz beti. Zumarragako bandan oso jende ona dago eta oso ondo zaindu naute beti", nabarmendu du. Ekitaldi hura, omenaldia ez ezik, nolabaiteko agur bat ere izan zen Ruizentzat, pixkanaka-pixkanaka jendaurrean jotzeari uzten ari baitzaio. Dena dela, erabat lagatzea ez du oso bideragarri ikusten. "Deitzen nautenerako, prest egongo naiz beti", esan du.

Zumarragakoa, baina, ez da izan jaso duen omenaldi bakarra. 2018ko azaroan, Azkoitiko Musika Bandan 50 urte bete zituela eta, herrian egin zioten aitortza. Ordukoan, Santa Zezilia egunaren bueltan bandak urtero eman ohi duen kontzertuaren ostean, Kontzejupea leporaino beteta zela, urrezko intsignia jaso zuen Ane Plazaola bandako kidearen eskutik. "Momentu berezia izan zen hura ere, oroitzapen oso ona daukat".

Jotzeko beti prest

Jendaurreko ekitaldi handietan gutxiagotan parte hartzeko asmoa duen arren, errekintoa jotzeari uzterik ez du pentsatzen Ruizek. "Nirea musika da, horretxek ematen dit bizi poza eta hil arte segituko dut jotzen". Berdin dio non jo: "Jendearentzat jotzea asko gustatzen zait, jendeak gustuko duena jotzea. Askotan, kontzertuen ondoren, jotzen jarraitzen dut, mundu guztia dantzan jartzen dut". Musikak alaitasuna eta poza ekartzen dituela iritzi dio, eta hori ez dagoela albo batera lagatzerik. "Errekintoa jotzen dudanean jendea poztu egiten dela ikusten dut, inguruan giro ona sortzen dudala, eta modu batean ez bada bestean, baina horretan jarraituko dut". Beraz, kontzertu zein bazkaloste, errekintoaren soinurik ez da faltako Ruiz dabilen lekuan. "Bandako, familiako zein lagunarteko bazkaloste eta afaloste guztietan jotzen dut, partituren beharrik gabe, jendeak eskatu ahala eta neuri gogoak eman ahala".

Teodoro Ruiz bere etxeko egongelan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Adinekoentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat jotzea bereziki gustuko du, gainera. "Arazoak dituen jendearen bizitza poztea oso polita da". Eta pandemiako garairik gogorreneko uneak ekarri ditu gogora. "Etxean itxita gintuztenean, osasun arloko langileei txalo egin ondoren, arratsaldero irteten nintzen balkoira jotzera; Julio Urkixo kaleko bizilagunek ondo dakite hori, zain egoten baitziren. Mezuak eta guzti bidaltzen hasi zitzaizkidan bataren edo bestearen urtebetetzea zela eta zerbait berezia jotzeko eskatuz. Itxialdian egonagatik, asko disfrutatu nituen momentu haiek".

Aitak halako zaletasuna izanda, seme-alabei ere helarazi die musikarekiko maitasuna, eta biek dituzte musika ikasketak: Jorgek pianoa jotzen ikasi zuen eta Monicak, akordeoia. Bere bilobak ere ez ditu ahaztu nahi, oso harro baitago biez, eta gainera, aitonaren urratsak jarraitu asmoz edo, bietako bat klarinetea jotzen ikasten ari da. "Saiatuko naiz musikari diodan maitasuna haiei transmititzen, musika izan baita, familiarekin batera, nire bizitzako ardatzetako bat. Musikarik gabe ezin nezake nire bizitzarik imajinatu, ez nuke nahi imajinatu ere egin".