Langile mugimenduaren hastapenak gogoratu ditu Matadero Ekintzakek

Iraia Oteiza 2024ko mai. 1a, 14:33

XX. mende hasierako langile mugimendua irudikatzeko ibilaldia egin dute herrian, egun desagertuta dauden duela mende bateko guneetan barrena. Txaranga Urretabizkaiaren konpainian, musika eta historia uztartu dituzte.

Matadero Ekintzakek Azkoitiko langile mugimenduaren hastapenak gogoratzeko baliatu du Langileen Nazioarteko Eguna. Txaranga Urretabizkaiaren konpainian, herrian zehar ibilaldia egin dute XX. mende hasierako herriko egoera ekonomikoa eta langile borroka irudikatuz.

Matadeixen ekin diote ekimenari, eta 1918ra egin dute jauzi han elkartu direnek. Txaranga Urretabizkaiak garai hura irudikatu du antzezlan isil batekin, eta 1923ra bitartean izan ziren greba indartsuak eta gatazkak izan ditu kontagai gero Imanol Mujikak. Hark gidatu du herrian zehar egin duten ibilaldia, Goretti Orbearekin batera. Ibon RGk, bere aldetik, hainbat bertso eskaini ditu bidean zehar. Bitartean, Txaranga Urretabizkaiak hainbat pieza eskaini ditu.

Hasiera batean, Matadeitik abiatu eta testuinguru horretan giltzarri izan ziren hainbat gunetan geldialdiak egitea zen asmoa, baina eguraldi txarraren ondorioz, geldialdi gutxiago egin dituzte. Intsausti eremuaren inguruan zegoen Alberdi y cia abarketa tailerretik igaro dira, eta handik, Guardia kalean zegoen Guardia Zibilaren kuartel ingurura. Ondoren Ibai Ondo kalearen eta Jausoso auzoaren artean zegoen Txapel fabrikara eta Altzibarrera joatea zen asmoa, baina Guardia kaletik zuzenean plazara joan dira, egitasmoari amaiera han emateko.