Gasteizen galduta, jaitsiera postuetan sartu da Anaitasuna liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan

Andoni Elduaien 2024ko mai. 1a, 15:21

Gorka Crespo baloiarekin. (Anaitasuna)

3 eta 1 galdu du Anaitasunak gaur eguerdian Alaves C taldearen aurka, Gasteizko Jose Luis Compañón futbol zelaian. Txema Añibarrok zuzentzen duen taldea jaitsiera postuetara erori da denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta direla.

Txema Añibarrok zuzentzen duen Anaitasunaren gizonezkoen taldeak 3 eta 1 galdu du gaur, asteazkena, Alaves C taldearen aurka. Gasteizko Jose Luis Compañón zelaia bisitatu dute gorritxoek eguerdian, baina zuzen hasitakoa oker amaitu du taldeak. Atsedenaldira huts eta bat aurretik iritsi da Anaitasuna, baina neurketa amaitzeko minutu gutxiren faltan zeharo aldrebestu zaio lehia, baita liga txapelketa ere; Anaitasuna jaitsiera postuetan sartu da denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan.

Nagusi izan da lehen zatian Añibarrok zuzentzen duen taldea, eta abagune ugari sortu ditu babazorroen atean. 5. minutuan, Jonma Vegak egin du lehen saiakera, eta gerora Aitor Barbarinen bi aukera iritsi dira; hain zuzen, zegamarraren hirugarren ahaleginean iritsi da gorritxoen huts eta batekoa. Area ertzetik egin du jaurtiketa Barbarinek, eta zuzenean sareetara bidali du hark baloia. Anaitasunak merezitako gola lortu du atsedenaldira iritsi baino bost minutu lehenago. 

Bigarren zatian, ordea, ez da lehenengo erdian adinako aukerarik izan ateetan. Garbiena etxekoek izan dute 60. minutuan, baina burukada batean kanpora bidali dute baloia. Minutuek aurrera egin ahala, gorritxoak txartel horiz betetzen joan dira, Alavesen jokoaren ekimena mozteko saiakeran aritu diren adierazgarri. 84. minutuan hasi da balantza okertzen Anaitasunarentzat Jose Luis Compañón zelaian, orduan egin baitute etxekoek banakoaren gola.

Estu igaro ditu ondorengo minutuak ere Anaitasunak, eta gauzak oso beltz jarri zaizkio amaieran. Luzapeneko aurreneko minutuan, ostera, epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du, eta etxekoek ez dute barkatu hamaika metrotatik. 94. minutuan, berriz, Gorka Masach atezaina kaleratu du epaileak, eta bigarren penaltia adierazi du babazorroentzat. Gasteiztarrek orduan egin dute hiru eta batekoaren gola, hori ere hamaika metrotatik.

Gaur galdu eta jaitsiera ekiditeko Anaitasunak aurkari zuzena duen Pasaiak garaipena lortu duela kontuan hartuta –2 eta 1 irabazi dio Pasaiak Padurari–, jaitsiera postuetara erori da Añibarroren taldea liga txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Igandean izango dute hurrengo dema gorritxoek Añorga azken sailkatuaren aurka; Txerloian 18:00etan jokatuko dute hil ala biziko lehia; izan ere, gaur-gaurkoz Anaitasunak 29 puntu ditu, Pasaiak (30) baino puntu bat gutxiago . Liga txapelketa Basaurin (Bizkaia), Basconiaren zelaian, agurtuko du Añibarroren taldeak.