Aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek proposatutako proiektuak aurkeztuko ditu udalak

Iraia Oteiza 2024ko mai. 3a, 10:23

"Herritarrei ahotsa" emateko helburuz, 100.000 euroko partida jarri du Azkoitiko Udalak, herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko. Hainbat saiotan jasotako proposamenak aztertu eta horietatik batzuk lehenetsi ditu udalak, eta horiek aurkeztuko ditu jendaurrean, maiatzaren 7an, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Azkoitiko Udalak martxan jarritako aurrekontu parte hartzaileen prozesuak aurrera jarraitzen du. 100.000 euroko partida jarri du udalak herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko, eta beti ere "beharrak eta lehentasunak" kontuan hartuta txertatuko dituzte eskaerak.

Urtarrilean abiatu zuen prozesua udalak, eta orduz geroztik egindako bileretan herritarrek egindako berrogeinaka proposamen jaso ditu. Horiek aztertu ostean, udalak lehenetsi dituen proiektu eta ideiak herritarren aurrean aurkeztuko ditu datorren asteartean. Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko dira, 18:00etan, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera. Proposamenen aurkezpena egin ostean, noiz eta nola bozkatu ere azalduko diete bertaratzen direnei, horretarako ahalbidetuko dituzten kanalak garbi azalduz, bai on-line bidezkoa, eta baita idatzizkoa ere.