Sarrera doan, Anaitasunaren igandeko hil ala biziko partidan

Unai Aranbarri, Txerloiako partida batean.

Anaitasuna futbol taldearen gizonen taldeak denboraldiko azken partida jokatuko du igandean, Txerloian. Espainiako Hirugarren Mailari eusteko borroka betean murgilduta dago Txema Añibarroren taldea, eta hori horrela, klubak dei egin die zaletuei. Igandean sarrera doakoa izango dute partida ikusi nahi duten guztiek.

Anaitasuna futbol taldearen gizonen taldeari bi neurketa besterik ez zaizkio gelditzen Espainiako Hirugarren Mailaren denboraldia amaitzeko. Asteazkenean Alaves C taldearen aurka 3 eta 1 galduta eta jaitsiera postuetarako borrokan aurkari zuzenena duen Pasaiak Padurari irabazita, Txema Añibarro entrenatzaileak zuzentzen duen taldea jaitsiera postuetan sartu da. Gaur-gaurkoz, 29 puntu dituzte gorritxoek, eta bat gehiago, 30, pasaitarrek.

Etzi, igandea, Añorga azken sailkatuaren aurka jokatuko dute gorritxoek denboraldiko etxeko azken partida, 18:00etan hasita. Mailari eusteko borrokan irabaztea beste aukerarik ez du Añibarroren taldeak, eta klubak taldea babesteko deia egin die zaleei: "Zuen bultzada behar dugu igandean!", adierazi du Anaitasunak sare sozialetan. Hori horrela, igandean sarrera doan izango du futbol partida ikusi nahi duen orok.

Denboraldia hurrengo asteburuan itxiko du Anaitasunaren gizonen taldeak, Basauriko (Bizkaia) Basconia taldeari bisita eginda.