Zubiaurre igeri elkartea hirugarren onena izan da Gipuzkoako Kluben Kopan

Gipuzkoako Kluben Kopan parte hartu zuten Zubiaurreko igerilariak.

Mutilek zein neskek laugarren postua eskuratu zuten, baina sailkapen orokorrean podiumean sartzea lortu zuten Zubiaurre taldeak.

Joan den asteburuan jokatu zen Irunen (Gipuzkoa) Gipuzkoako Kluben Kopa, eta Azkoitiko Zubiaurre igeri elkarteko kideek lan oso ona egin zuten. Sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu zuen Zubiaurrek, Tolosaldea Usabal eta Irungo Bidasoa XXI taldeen atzetik.

Lehia oso gogorra bizi izan zuten gure igerilariek puntukako sailkapen sistema zela eta; izan ere, kirolari bakoitzak bere proban lortutako postuaren arabera lortzen zituen puntuak bere taldearentzat. Mutilak asteburu osoan zehar hirugarren postuan egon eta gero, azken proban galdu zuten podiumeko hirugarren koska, eta azkenean, laugarren sailkatu ziren. Neskek, berriz, gogor eutsi zioten laugarren postuari, eta hala, guztien puntuak batuta lortu zuten sailkapen orokorrean hirugarrenak izatea —hemen ikus daiteke puntukako sailkapena—.

Igerilari guztien eta entrenatzaileen ahaleginak sari ederra izan du beste behin. Segi horrela taldea indartzen, banakako lorpenei ematen zaien garrantziaz harago, guztiaren oinarri den eguneroko talde lana eta talde giroa baitira Zubiaurre Azkoitiko igeri elkartearen arrakastaren gakoak. Zorionak Zubiaurreko talde osoari!

Ezkerraldean, podiumean, Zubiaurreko igerilariak.